Rufino Sagardotegia
Zu hemen zaude:

Gure etxearen sagardogintza prozesua gure lursail zabaletako sagastietan hasten dugu. Hauek, gure sagardotegitik metro gutxi batzuetara daude, ondoan dugun mendi txiki batean. Urteak igaro ahala, hauen tamaina handituz joan da, gure sagardoa bertako sagarrekin bakarrik ekoiztua egotea bilatuz. Bertan, Euskal Herriko sagar barietateak aurki ditzakegu soilik, Txalaka eta Urtebi izanik kantitatez handien eta garrantzitsuenak.

Gure sagastiez gain, inguruko herrietako baserritarrei erosten diegu sagarra, Oiartzun eta Andoain bezalako herrietatik besteak beste. Garrantzi handia ematen diogu erabiltzen dugun lehengaiari eta esan beharra dago inguruan aurkitzen duguna kalitate oso altukoa dela.

Sagastiak loretan apiril inguruan aurki ditzakegu, baina iraila eta urriko hilabeteetara arte, urtearen klimatologiaren arabera, ez dugu sagarra puntuan aurkituko gure sagastietan. Hilabete hauetan etorri ohi da sagardogileontzat urteko lanik gogorrenetako bat. Garai hauetan, sagardotegian urte osoan zehar lanean aritzen direnen laguntza izaten dugu lana errazteko. Gure etxean, sagarra, era tradizionalean biltzen dugu, hau da, saskia eta kizkia hartu eta mendian gora abiatzen gara sagar bila. Saskia betetzean, zakuetan pilatzen joaten gara, egunaren bukaeran sagardotegira jaisteko eta ekoizpen prozesuarekin hasteko.

Aipatu beharra dago beti saiatzen garela Euskal sagarra erabiltzen, baina honen falta den urteetan, kanpotik ekartzeko joera izaten dugu hainbat leku ezberdinetatik.

Behin sagarrak jasorik ditugula, sagardotegi atzean dugun ekoizpen gunean pilatzen ditugu prozesuarekin hasi ahal izateko. Sagarra jasotzen dugunetik sagardoa egiten hasten garen arte, sagarrak geldirik denbora gutxi pasa dadin saiatzen gara, gure produktua ahalik eta fresko zein naturalena izateko.

Lehenik, sagar guztiak zakuetatik kanpo eta pilaturik daudela, ureztatze prozesu bat jasaten dute hauek dakarten zikinkeria nabariena zein hosto eta adarrak alde batera uzteko. Hau honela, makineriak inongo puntuan oztoporik aurkitu ez dezan lortzen dugu, ekoizpen prozesu azkar bat lortzeko.

Jarraian, sagarra garbiketa intentsibo batekin garbitzen dugu zinta berezi baten bitartez. Honekin, sagarra puntu egokian egotea lortzen dugu hurrengo fasera igarotzeko, sagarraren kalitate zintara.

Ekoizpen prozesuan ematen dugun hurrengo pausua sagar ustelak alde batera uztea izango litzateke, eta hau, guk deitzen diogun kalitate zintaren bitartez egiten dugu. Bertan, hiru pertsona egoten dira sagar guztiak aztertuz eta egokiak ikusten ez dituztenak bota egiten dituzte. Zinta honetatik zuzenean sagarrak birringailu batera joaten dira, hauek txikitzeko eta zukua ahal den era eraginkorrenean atera ahal izateko.

Segidan, ibilbideari jarraipena emanez, txikitutako sagar zatiak tolarerantz bideratzen dira bertan hain garrantzitsua den sagar zukua ateratzeko. Orain dela urte gutxi batzuk arte bizitza osoan zehar erabili izan zen tolare tradizionala erabiltzen genuen sagardo ekoizpenerako, baina tolare pneumatikoen sorrerarekin, hauek erabiltzen hasi ginen hauen bizkortasuna ikusita. Gaur egun tolare tradizionala larrialdi kasuetan bakarrik erabiltzen dugu.

Tolare pneumatikotik ateratzen den sagar zukua kupeletara bideratzen da zuzenean bertan prozesuaren azken fasean sartzeko eta irakite prozesua gauzatzeko. Bertan, lau hilabete inguru egoten dira sagardoa prest egon arte eta orduan izaten da urtarril bukaera aldera gure etxera jendea etortzen denean hauek probatzera eta afari goxo batez gozatzera.

Txotx denboraldian edaten ez den sagardoa, botilaratu egiten da urte osoan zehar jendeari saltzeko.